XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

FRANKI BASERRIA

Ni naiz 1927'garren urteko abenduaren 16'garren egunean jaio nintzana Leitzako Franki baserrian.

Gu zortzi senide giñan guztira, Frankin jaio ta azi giñanak; eta ni nintzan zortzietatik gazteena, ala bearrez norbaitek bear zuen-da.

Nere aurreko arrebatxo bat an il zan, Joakina, zortzi urte zituelarik.

Meningitis edo gaitz gogor batek menderatu zuen gaixoa.

Beraz, zazpi senide gelditu giñan bizirik eta aurrera jarraitzeko geure gurasoekin Franki baserri zarrean: Tomas, Juan, Jose Migel, Katalina, Migel Jose, Eusebio eta ni, Manuel.

Orain bizi geranak, Katalina, Eusebio eta ni.

Franki baserri ura baserri aundia da berez soroz; eta belar zelaiak ere aundiak ditu.

Erreka txulo batean dago, bi mendiren tarteko sakontxo batean, erle eultza bat bezela, tentaziorik gabeko bakardade paketsuan.

Etxearen ingurutik asi ta gora, zugaizti izugarriak ditu, nola aritz, nola pago, ala lizar ta gaztaindi saillak ere bai.

Ta urkia ta altza, berriz, asko zegoan an.

Urritza ere ugari, gu an bizi giñan garaian beintzat.

Euskalerriko zugaiztiak, izan ere, bai aberatsak zirala!

Guk ume denboran ezagutu genituenak, batez ere.

Leitzako erriak berak mendi sail ikaragarriak zituela esan oi ziguten guraso zarrak.

Ango basoetan zenbat animali mantentzen ote zan belarrez eta ezkurrez, nola ardi ta beor, ala txerri ta bei, iñori ezeren gasturik eragin gabe?

Noizean bein bakoitzak bereak ikusiko zituen nundik nora zebiltzan, da lasai etxeratuko zan bolada baterako.

Ardiak emango zioten lanik txarrena.

Aiek maizago bixitatzea komeni, ta iges egin da banaka zebiltzanak berriro taldera bildu gaiñera.

Orretan zintzotasun aundia zutela badakigu ango artzaiak.